XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ezaugarri bezala, Jainkoaren aurrean behartsu hutsak garela ezagutarazten digula, eta aberatsa behartsuagoa dela, behartsuarengan bere animaren pobrezia ikusi behar bait luke, bere anima hori bekatuak eta aberastasun gutiziek zikinduta daukatelarik; pobreak Jesusen irudi paregabea ditugu, hor bait zaigu ageri nolakoa izan zen Jesus gure artean; pobreengan Jesus epaile agertzen zaigu, kristaua ez bait daiteke lasai bizi, jakinik nekepean bizi izan direnekin izan duen jokabidearen arabera epaituko dutela betirako, Jaunaren eta auzi egunean.

Jesusen erakutsiak gure gizartean.

Gaurko gure gizartean garrantzi haundia eta berezia du Jesusen erakutsiak.

Burua galduta bezala dabilen gizarte honetan burubide jatorrez bizitzen lagun diezaguke Jesusen erakutsi horrek, eta dirua eta aginte-indarra oinarri hartuz ez, baizik eta argalen direnei begiratu eta lagunduz eraiki daitekeela egiazko giza giroan oinarritzen den gizartea.

Berekoikeriazko ondasun-jabegoan oinarrituta dagoen gizarte baten aurrean, norberaren izate jatorrean eta elkarrekiko lotura jatorrean oinarritutako gizartea aukeratzera dei egiten digu Jainko-erreinuaren deiak .

Guri eskainia izan zaigun gizarte-mota eta elkarrekin bizi izateko modua ez da gizakia nor den begiratuz eskaini zaiguna, gizaki bakoitzak zer eta zenbat ondasun duen begiratuz baizik.

Dirua, indarra eta izen haundia duena aurrera ateratzen da mundu honetan.

Ondasun-mota horiek ez dituena, berriz, nahitaez zoritxarreko gizaki bihurtzen da, nahiz eta gizarteko araudi nagusiek gizonaren nortasun uka ezina lege mailarik goienekoan guztiengan berdina dela oihukatzen duten (J.M. Castillo).

Ikus ditzagun jabegoaz zorabiatutako gizarte honetako berezitasun batzuk.

- Lehenen ikusten duguna hauxe da: gure gizartean azkeneko hitza ez du gizonak bera denez, berak daukanez baizik.

Bere esku dituen ondasunen neurriz ematen zaio gizonari balioa gizartean.

Dirua, agintea, izen haundia etabar edukitzeak balio du hemen.

Azkenean, guztien nagusi dirua da.

Goienekoa ez da gizona, dirua baizik.

Gaurko gizarteak jainkotxo honengan dauka jarria bere uste osoa.

Umea, txiki-txikitandik gauzak edukitzeko eta gauzen jabe izateko hezten da gaurregun.